2010-04-23

"Nafarroako euskal independentista eta ezkertiarrak batzeko asmoa dugu eta mahaingurua horren lekuko izanen da"

Bil Gaitezen ekimen herritarrak Nafarroako esparru ezkertiar eta independentista osoa artikulatzeko behar soziala areagotzeko helburuarekin aurrera jarraituko duela adierazi du eta dagoeneko hurrengo zita zehaztu du: maiatzaren 7an mahainguru bat antolatu dute zeinean Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleako bozeramaileek parte hartuko duten.


>> Jokin Kanpion-en adierazpenak entzun! (mp3)

Une politiko esanguratsua bizi du gure herriak. Mugimendu orokorrak, politikoak zein sozialak, sakoneko aldaketak emateko aukera ireki du. Euskal Herriaren etorkizuna ikuspegi ezkertiar batetik lantzea ezinbestekoa deritzogu. Nafarroa luze zabalean sektore askotan dagoen aldaketarako premiarekin bat egin ezezik, aldaketarako ereduaren inguruko eztabaida ezinbesteko aldagaia da.

Nafarroako esparru ezkertiar eta independentista osoa artikulatzeko behar soziala areagotu nahi dugu. Alderdien arteko balizko akordioen inguruan baino, herritarren arteko aliantzak sustatu eta elikatu asmoz jardungo gara. Herritarrak lehen mailako aktore izan behar dugu.

Eduki ezkertiar eta abertzale zehatzen gainean bilatu behar da elkarlotura. Hitz handitan gelditu beharrean, eremu abertzale eta ezkertiarraren aldeko aliantza sozialak Nafarroa ezkertiar eta euskaldunaren oinarriak lantzen lagundu behar du.

Hauteskunde lehiatik haratago dagoen dinamika gara, baina jakin badakigu 2011ko hauteskundeen inguruko eztabaida martxan dagoela jada. Beraz, hauteskundeetan aurkezten diren programa politikoetan eragiteko asmoa aurkezten dugu. Alderdiek dituzten estrategiak direnak direla, Nafarroa alternatiboaren oinarriak bere egin ditzaten dinamikak antolatuko ditugu.

Iniziatiba ideologikoak eta mobilizatzaileak uztartuko ditu dinamika honek. Dinamika parte hartzailea, integratzailea eta sortzailea izateaz ari gara. Modu honetan, izenak berak, horren adierazle nahi du izan.

Nafarroako eragile politiko, sindikal eta sozial, abertzale eta aurrerakoiei elkarlan ideologikorako dugun gogo bizia adierazi nahi diegu. Batzen gaituena bultzatuz, herri euskalduna eta ezkertiarra eraikitzeko asmoz.

Norabide horretan, datorren maiatzaren 7an Hiru Erregeen Hotelean mahainguru bat antolatuko dugu zeinean Aralar alderdiko Txentxo Jimenez, Eusko Alkartasuneko Maiorga Ramirez eta Ezker Abertzaleko Xanti Kirogak parte hartuko duten. Esan dugun bezala Nafarroako euskal independentista eta ezkertiarrak batzeko asmoa dugu eta mahaingurua horren lekuko izanen da.

0 iruzkin/comentarios:

Publicar un comentario en la entrada