Agerraldiko testua:Gaur, otsailak 6, eremu ezberdinetako XX pertsona bildu gara Iruñeko Hotel honetan herri ekimen berri bat aurkezteko asmoz.
Azken hilabeteetan eszena politikoan hainbat mugimendu izan direla ohartu gara eta elkarlanerako garaiak hurbiltzen direla ikusteak pozten gaitu. Nafarroak eta Euskal Herriak hamaika urte daramatza bere eskubideen eta bere subiranotasunaren alde lanean; euskaldun eta abertzale guztiok elkarrekin egin beharrekoa bidea.
Hausnarketa honek bultzatu gaitu herri ekimen hau martxan jartzera. ?Nafarroatik Euskal Herrira, HAMAIKA BIL GAITEZEN?. Hauxe da ekimenaren izena. Hamaika pertsona garelako Nafarroaren subiranotasuna defendatzen dugunak, eta antza denez irekitzen ari den panorama politiko berri honetan konbentzituta gaude Nafarroako euskaltzale eta abertzale guztion indarrak biltzea beharrezkoa dela.
Hau da herri ekimen honen helburua, Nafarroan indar abertzaleak eta aurrerakoiak hain zuzen ere. Idei hauek jasotzen dituen manifestu bat burutu dugu eta jarraian irakurriko dizuegu.
HAMAIKA BIL GAIETEZEN - MANIFESTUA
>>deskargatu (pdf)
Hamaika dira herri honek burujabetzaren bidean lanean daramatzan urteak. 1512. urtean Nafarroa armen indarraz Gaztelaren konkistaren ondotik irekitako ildoa ez du euskal nortasunaren desagerpena gauzatzea lortu. Aitzitik, milaka lagunentzat mende luze hauetan euskararen herria jarraitu du izaten askatasunaren hodeiertza.
Hamaika idei eta iniziatiba garatu dira gurean, hizkuntza eta euskal kultura bultzatu asmoz eta inposizio kulturalaren gatibu izateari uko eginez. Herritarron parte hartze zuzena eta atxikimen nabariak hauspoa eman izan die beti auzolana oinarri izan duten dinamika guztiei.
Hamaika sentimen suspertu dira denbora honetan. Ametsez beteriko jarduera oparoa izan baita euskaldunona. Itxaropena izan da eta jarraitzen du izaten euskaldunon ezinbesteko bide lagun. Nafarroaren etorkizuna zazpi lurraldeen Euskal Herrian kokatzen dugunontzat, abertzaleon arteko akordioek dimentsio berriak ireki ditzakete. Ireki behar dituzte.
Hamaika arrazoi mahai gaineratu ditugu nafar jendartearen eta agintarien begietara. Euskaldunok izateko dugun eskubidea aldarrikatu eta gauzatu dugu. Hizkuntzaren eremuan, hezkuntzan, eremu ekonomiko nazional baten beharraren aldarrikapenean, oroitzapen historikoaren berreskurapenean?
Hamaika dira pairatutako ondorioak. Gure hizkuntza eta nortasunaren zokoratze instituzionala. Munduko beste edozein lurraldetan ez bezala, gizadi osoaren ondasun den aitzinako kultura baten zanpaketa. Diskriminazio identitarioa. Guztiaren akuilu Estatu Espainiarrak darabilen indar errepresiboaren zurrunbiloa izanik.
Hamaika eztabaida antzu bizi izan ditugu. Euskaldunok etorkizuna izango badugu, Euskal Herri independente batetan izango da. Garai ilunetan agertu izan diren bidezidor itxurako asko Euskal Herriaz aritu dira diskurtsoan baina kamuts norabidean. Gure herria txikia izanagatik dirauela bizirik diote, euskaldunon bizi poza eta etsipen falta ezinbesteko aldagai izan direla ezin ahaztu ordea.
Hamaika herrirekin burutu ditugu harremanak. Hamaika gizon-emakume murgildu dira. Hamaika idatzi, mobilizazio eta hausnarketa. Hamaika ikusitakoak gara Euskal Herrian ete beste horren beste ditugu ikusteko.
Hamaika izanagatik gaude hemen. Euskaldunok, etorkizuna elkarren ondoan lanean eginen dugu. Elkar lanean eraikiko dugu etorkizuneko Euskal Herria. Elkarrekin irekiko ditugu Euskal Herriko askatasunaren ateak. Elkar laguntzan gaindituko dugu inposizioaren aroa independentziaren eguzki izpiei sarbidea emanik. Nafarroako euskaldunok zeresan handia dugu horretan.
Hamaika tesi, hamaika modu, herri bakarra. Euskal Herriko hiriburutik, Nafarroatik Euskal Herrira, bil gaitezen.
MANIFESTALDIRA DEIA
Bukatu aurretik hitz batzuk esan nahi genituzke. Aurkeztu berri dizuegun manifestu hau Nafarroa osoan zabaltzera goaz datozen asteetan, beti ere Nafarroako geografian sakabanatuta diren euskaltzale, abertzale eta aurrerakoiak bildu nahian. Eta honekin batera, datorren martxoaren 6an manifestaldi jendetsua antolatuko dugu Iruñean, indar batuketa horren guztiaren lekuko izan nahiko duena.
Beraz, deia luzatzen dizuegu euskaltzaleak, abertzaleak eta aurrerakoiak zareten guztioi manifestaldi jendetsu honetan parte hartzera. Hamaika gara Nafarroaren eta Euskal Herriaren alde egiten dugunok, beraz HAMAIKA BIL GAITEZEN!
0 iruzkin/comentarios:
Publicar un comentario en la entrada