2010-05-07

Nafarroan aldaketa eman dadin eremu independentistaren artikulazioa beharrezkoa dela nabarmendu da mahainguruan

Zalantzarik gabe aretoa txikia geratu da Bil Gaitezen-ek antolatutako mahainguruarentzako. Herritarrek interes handiz erantzun diote ekimen abertzaleak proposatutako solasaldiari eta asko izan dira aulkirik gabe eztabaida zutik entzun behar izan dutenak. Iritzi ezberdinak, jarrera anitzak eta ikuspuntu desberdinak, baina dena dela, ondorio bakarra nagusitu da aretoan: Nafarroan aldaketa politikoa eta soziala eman dadin indar ezkertiar eta abertzale guztien arteko elkarlana beharrezkoa da.


Aldaketa politikoa beharrezkoa da baina baita ekonomikoa. Horixe nabarmendu dute hiru bozeramaile abertzaleek, eta hiruek egungo krisi ekonomikoak kolpatutako langile eta familiak gogora ekarri dituzte. Dena den aldaketa politikoa eta indar metaketa izan dira mahainguruaren eztabaidagai nagusiak eta hizlariek ikusmolde zein ñabardura ezberdinak azaldu dituzte.

Bertaratutako herritarrek hainbat kezka eta zalantza mahaigaineratu dituzte saioaren bigarren atalean, eta norabide horretan mahainguruko bigarren ondorioa azpimarratu nahi izan dute alderdi politikoetako ordezkariek: konfidantza sendotzeko zubiak behar dira, elkarrekiko konfidantza eta elkarlana sustatuko duten egitasmoak alegia.

Txentxo Jimenez: “Ez dugu nahi indar metaketa abertzalean arinegi ibili, ez dugulako nahi hura porrot egin dezala; ezin da saiakera antzurik gertatu”

Txentxo Jimenezek azaldu du bere alderdia prest dagoela epe luzerako elkarlanean oinarrituko den estrategia batean parte hartzeko, eta norabide horretan azaldu du elkarlanerako baldintzak ematen hasiak direla. Hala ere ETAren jardunbide armatua oztopo bat dela adierazi du, eta Ezker Abertzaleak abiatutako bidea txalotu duen arren, ibilbide horrek zein bukaera izango duen oraindik ez dakigula nabarmendu du.

Zentzu horretan Jimenezek azaldu du elkarlanerako baldintzak gauzatzen hasiak direla eta balizko eremu abertzale hori artikulatzeko Aralarrek 5 baldintza jartzen dituela adierazi du: esklusiboki jardunbide politikoa izatea, eremu haren egituratze demokratikoa, eremuaren aniztasuna oinarri izatea, erabakitzeko eskubidearen defentsa eta ezker abertzale eraginkorra izatea, errealismotik abiatuta indar korrelazioa aldatzeko gai izango dena.

Maiorga Ramirez: “Gure erronka nagusia bloke abertzale independentista osatzea izango da”

Eusko Alkartasuneko bozeramaileak adierazi du espainiar nazionalismoak euskal abertzaleon bateratasun ezatik elikatu izan dela, eta horri gehituta, ETAren ekintza armatuak eta Estatu espainiarraren errepresioak Euskal Herria behin eta berriz kaltetu izan dutela.

Hori dela eta bere alderdiak abertzaleon indar metaketaren aldekoa dela azpimarratu du eta abertzaletasunak duen aniztasuna englobatuko duen estrategia nazionalaren beharra nabarmendu du. Hala, inor ez dagoela soberan irmoki adierazi du, baina beharrezkoa dela aniztasun hori errespetatzea, lan diskretua egitea, eta presarik edota epe elektoralik ez izatea. Indar metaketarako estrategia horrek herrialde bakoitzari egokitua izan behar duela azaldu du, Nafarroa Bai koalizioan inor ez dagoela soberan gaineratuz eta aipatutako ezaugarriekin bat egiten duen oro NaBai-en tartea duela azpimarratuz.

Azkenik EAko kideak onartu du guztiek akatsak izan dituztela noiz edo noiz, baina hori gainditzeko konfidantzazko eremuak eta abertzaleon arteko adiskidetzea beharrezkoak direla ondorioztatu du.

Xanti Kiroga: “Ez da aldaketarako sujetoez hitz egiteko garaia, aldaketarako edukietaz eztabaidatzeko garaia baizik”

Ezker Abertzaleko bozeramaialeak momentu historikoa bizi dugula azaldu du, Nafarroan bereziki, “aldaketarako aukera errealak daudelako”. Zentzu horretan, Kirogak plazaratu du eremu independentista artikulatzea premiazkoa den arren garrantsitsuagoa dela eremu hori zertarako artikulatuko den erabakitzea. Hau da, aldaketarako sujetoaz hitz egin baino garrantzitsuagoa dela aldaketarako edukietaz aritzea, aldaketa politiko eta soziala zein oinarriren baitan gauzatuko den eztabaidatzea.

Gauzak horrela, uhartearrak azaldu du elkarlanerako eta indar abertzaleen artikulaziorako ez dela batere egokia batak besteari baldintzak zehazten zein eskakizunak egiten aritzea, eta aldaketarako dauden aukera horiek arduraz probestu behar direla azpimarratu du.

Azkenik, Ezker Abertzaleak indar metakeratako “zintzotasun osoa eta konpromisoa” duela nabarmendu du. Norabide horretan kokatu ditu azken urteetan egindako proposamen eta adierazpen ezberdinak (Anoeta, Anaitasuna, Ustaritze, Altsasu, Iruñea...), eta Aralar zein Eusko Alkartasuneko zuzendaritzek elkarlanerako prestutasun bera duten galdetu du. Bukatzeko, Ezker Abertzaleak Nafarroan zein Euskal Herri osoan egun indarrean dagoen sektore politikoen indar korrelazioa aldatzeko “koherentziaz eta arduraz” bere esku dagoen guztia egiten jarraituko duela ondorioztatu du.

-----------------------------------------

0 iruzkin/comentarios:

Publicar un comentario en la entrada